Dagoeneko eskuragarri daude sarrerak “Noites de fado 2024″rako, Carminho eta Cristina Branco emakume ospetsuekin

  • BBK Salako musika-zikloa João Caetano-rekin osotuko da aurten. João Caetano Txinan jaiotako musikaria da, eta Portugalgo musika tradizionala berrasmatzen jarduteagatik da ezaguna eta aintzatetsia.
  • Kontzertuak apirilaren 10ean hasiko dira Carminhorekin; astebete geroago jarraituko dute, 17an, Cristina Brancorekin; eta maiatzaren 2an amaituko dira Joâo Caetanorekin.

Lehen ediziotik hamabi urtera, BBK Salaren Noites de Fado zikloa Bilbora itzuliko da apirilean eta maiatzean. Pandemiak eten egin zuenez Portugalgo genero tradizionalarekin zegoen euskal hitzordua, hamargarren edizioa izango da aurtengoa. Urteurren borobil honetarako, Noites de Fado 2024-k fadoaren egungo panoraman oso nabarmenak diren hiru artista programatu ditu, emakumeen presentzia bereziarekin kartelean: Carminho, Cristina Branco eta João Caetano. Hiru kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude (25 €-ko azken prezioan). Aretoko leihatilan ere eros daitezke, eta kasu horretan prezioa 30 €-koa da.

2024ko Noites de Fado zikloari Carminho izar portugaldarrak emango dio hasiera apirilaren 10ean. Bere azken eta seigarren albumean, “Portuguesa” (2023), konpositore eta interpretatzaileak ekoizle rola ere hartu du bere gain, fado berri originalak sortuz, baina tradizioari itsatsita. Artistaren nazioarteko ospearen dimentsioa agerian geratu da aurten "Poor Things” (Pobres criaturas) lau Oscar sari irabazitako filmean agertu baita. Istorioaren garapenean erabakigarria den eszena indartsu batean, Emma Stonek antzeztutako protagonista gatibatzen du Carminhok “O quarto (fado Pagem)” abestia interpretatuz. Hain zuzen ere, kantu horren jatorrizko bertsioa da bere azken diskoari hasiera ematen diona, eta zuzenean aurkeztuko du Bilbon kontzertu honetan.

Astebete geroago, apirilaren 17an, Cristina Branco igoko da BBK Salako agertokira Bilbon. Nahiz eta 90eko hamarkadan Holandan hasi bere musika-ibilbidea eta Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan ere arrakasta handia izan, XXI. mendearen hasiera arte ez zen portugaldar publikoa artista hau deskubritzen hasi. Brancok behin betiko sona hartu zuen albumen trilogia ospetsu batekin (2016 eta 2020 artean argitaratuak), non ezohiko kolaborazioak bildu baitzituen fadoaren berrinterpretazio berritzailea egiteko. Mende laurden baino gehiagoko ibilbidearen ondoren eta hamabost disko baino gehiagorekin, orain BBK Salara iritsiko da bere fado-bilduma berriena aurkeztera: "Mãe" (Ama), 2023 amaieran kaleratua.

Gaur egungo fadoaren bi ikono horien bisiten ostean, João Caetanoren zuzenekoak itxiko du maiatzaren 2an Noites de Fado 2024. Guraso portugaldarrengandik Txinan (Macao) jaio eta hazia, Ingalaterran garatu du bere musika-ibilbidea, eta, nazioarteko jatorri horiei esker, Portugalgo fadoaren eta musika tradizionalaren egungo berritzaile handia bihurtu da. “Ez nator Portugaldik eta ez dut fado-etxeetan ikasi, baina nire asmoa ez da fadoa itxuragabetzea, baizik eta nire nortasuna bertan sartzea, interpretatzeko modu berri bat sortuz”. Orain arteko disko luze bakarrean, “Rhythm & Fado” izenekoan, fadoa eta jazza nahasten zituen (izan ere, Incognito acid jazz talde britainiar mitikoaren perkusionista da), eta fadoa eta flamenkoa uztartzen zituen ikuskizun bat asmatu zuen iaz. “Cada vez mais” disko berria, martxoan argitaratuko dena, zuzenean aurkeztera etorriko da Bilbora.

Itzuli
Skip to content