BBK SALAREN ANTZERKI-PROGRAMAZIOAK EMAKUMEZ BETERIKO LAUHILEKOA ABIARAZI DU PROTAGONISTA GISA ‘KELLY’-AK DITUEN “LAS QUE LIMPIAN” SATIRA FEMINISTAREKIN

Bilboren erdiguneko espazioak urtearen amaiera bitarteko arte eszenikoen agenda aurkeztu berri du: emakume sortzaileek bultzaturiko eta funtsean emakumeek osaturiko taldeek altxaturiko lau muntaketa -hilean bat-

Bi estreinaldi absolutu egongo dira Euskadin ("Los que bailaban" eta 2022an Egile Onenaren Max Saria eskuratu zuen "Talaré a los hombres de sobre la faz de la tierra"), eta "Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi" euskarazko lan arrakastatsua ikusi ahal izango da

Aste Nagusian bere "¡Agur, Otxoa feroz!" ekoizpen propioari esker jendearentzako antzoki erakargarrienetako bat dela garbi utzi ondoren, berriz ere kanpoko sorkuntza "garaikide eta konprometituak" eta funtzioen osteko solasaldiak eskaintzeari ekingo dio aretoak

BBK Salak arrakastaz beteriko abuztua izan ondoren, Aste Nagusiko bere ekoizpen propioari esker antzoki erreferente gisa sendotu baita Bilbon (estreinatu ere egin baino lehen agortu ziren "¡Agur, Otxoa feroz!" emankizunaren 12 funtzioetako sarrerak), irail honetan jarriko da abian Kale Nagusiko espazioak 2023ko azken lauhilekorako diseinatu duen antzerki-programazio berria. Hilean hitzordu bat egongo da arte eszenikoekin; orotara lau ikuskizun eskainiko dira, beraz. Guztiak ere emakume sortzaileek bultzatutakoak izango dira, eta gehienbat -eta, zenbaitetan, osotasunean- emakumezkoen taldeek altxatutakoak. Gainera, BBK Salak bere nortasun propio eta bereiziari eutsiko dio antzerkia erakusteko zentro gisa, "sorkuntza garaikidearen, gizartean oihartzuna duten gaien eta euskararen normalizazioaren" aldeko apustua egiten jarraitzen baitu, arduradunen hitzetan. Hori guztia, programatutako muntaketen kalitatea eta balio artistikoa alde batera utzi gabe, noski.

Lehen funtzioa irailaren 23an izango da (larunbata). Egun horretan estreinatuko da Bilbon "LAS QUE LIMPIAN" antzezlana, hoteletan garbitasunaz arduratzen diren langileen edo 'kelly'-en borroka kolektiboari buruzko satira feminista. Sortzaileen esanetan "kritikoa baina itxaropentsua den komedia" hau enpresaburu ustel batek zuzentzen duen Galiziako luxuzko hotel batean kokatzen da. Agintari politiko garrantzitsu baten bisita jasoko du halako batean. Esparru horrek aukera ematen du bai 'kelly'-en lan-baldintzei buruz hitz egiteko -% 70ek patologiaren bat jasaten du lan-gainkargaren eraginez, garbitutako logela bakoitzeko 2,5 € inguru kobratzen baitute-, eta bai sistema turistiko prekarizatzaileaz eta garbiketen nahiz zainketen arloan dagoen genero-arrakalaz mintzatzeko ere. Izan ere, muntaketaren esloganak dioen bezala, "bada komun bat inoiz garbitu ez duenik eta bada hilean 500 garbitzen dituenik".

Centro Dramático Nacional-ek koproduzitutako ikuskizuna A Panadaría konpainia galiziarren proposamenik berriena da. Antzezlan lotsagabe, feminista eta politikoa egiteagatik da ezagun taldea, eta batere aurreiritzirik gabe erabiltzen ditu hala baliabide herrikoiak nola gag umoretsuak, barietateak edo ahots-musika, munduaren gainean ikuspegi kritikoa islatzeko. Taldea Vigon sortu zen 2013an, eta 2017ko "Elisa y Marcela" antzezlanagatik da bereziki ezaguna –Espainian 1901ean izandako lehen ezkontza homosexualari buruzkoa–. Areta Bolado, Noelia Castro eta Ailén Kendelman dira taldeko kideak, hirurak hogeita hamar bat urtekoak, eta hirurak "Las que limpian" antzezlanaren sortzaile, zuzendari eta interpretatzaile bakarrak. Emakumeek soilik osatzen dute muntaketa honen ekipo artistiko eta teknikoa.

Urrian sartuta, hilaren 27an (ostirala) Centro Dramático Nacional-en beste koprodukzio bat ikusi ahal izango da, Madrilen estreinatu berria eta Euskadin BBK Salan ikusi ahal izango dena aurrenekoz: "LOS QUE BAILABAN". Amaya Galeote koreografo eta dantzari madrildarrak sortu eta zuzenduriko ikuskizun hau "guateke-antzerkia da", non adinekoek beren gaztaroa ekartzen duten gogora eta, lehenengo pertsonan, jendea dantzan maitemintzen zen garaietako oroitzapenak partekatzen dituen. Galeoteren zuzendaritzapean taularatzen diren kideen artean, Miguel Foronda gasteiztarra dago, zeinak 60ko eta 70eko hamarkadetako Euskadiko memoria eransten dion piezari.

Azaroaren 10ean, "HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI" hartuko du BBK Salak, azken boladan euskaraz egindako antzerkiaren produkziorik arrakastatsuenetako bat. 2021aren amaieran estreinatu zenetik ari da bira egiten, eta berrogeita hamar emanaldi baino gehiago eskaini ditu jada. Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren arteko koprodukzioa den komedia garratz honek askari baten inguruan beren buruaz mintzo diren hiru emakume aurkezten dizkigu. Inguratzen gaituzten, eragiten diguten eta eraikitzen gaituzten fikzioetan maskulinitatearen omnipresentziaren biktima direla deskubrituko dute. Antzezlanak 2023ko Donostia Antzerki Saria irabazi zuen, eta epaimahaiak "indarrez, umorez eta irudimenez betetako taularatzea" nabarmendu zuen, baita bere "hizkuntza-kalitate handia eta interpreteen konplizitatea" ere. Antzezleak funtzioaren sortzaile eta zuzendari ere badira (Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias).

Azkenik, abenduaren 1ean (ostirala), "TALARÉ A LOS HOMBRES DE SOBRE LA FAZ DE LA TIERRA" antzezlanaren estreinaldi absolutua izango da Euskadin. Obra hori ez da orain arte hemen ikusi ahal izan, nahiz eta bere dramaturgo eta zuzendari María Velascok Antzerki-egile Onenaren Max Saria eskuratu 2022an antzezlanari esker. Errealismo magikotik gertu dagoen tonu oniriko eta poetikoa darabilen muntaketa honen protagonista aurrenerabe bat da, zelaian egindako barbakoa batean familiarengandik urrundu eta zuhaitz baten azpian irakurtzen jarriko dena. Premisa horrekin, Velascok elkarrizketa berezia ezartzen du azken urteotan pentsamendu kritikoan funtsezkoak diren bi korronteen artean: feminismoa eta ekologia. Testutik koreografiara doazen hizkuntza artistikoak konbinatzen ditu, tartean hizkuntza bisualak eta arte plastikoak direla.

Sarrerak bihar egongo dira salgai, leihatilan zein BBK Salaren webgunean, 12 euroko prezioan. Hitzordu guztiak 19:30ean izango dira, eta, emankizunen ondoren, 'Desmuntaketak' direlakoak egingo dira; hau da, konpainiaren eta publikoaren arteko solasaldiak, arte eszenikoetako profesionalek eta antzerki-kritikariek moderatuta.

Itzuli
Skip to content