aste nagusia 2023

LA OTXOA-K AGUR ESANGO DIE AGERTOKIEI BBK SALAK EKOITZI ETA ASTE NAGUSIAN LEHEN ALDIZ EMANGO DEN MUSIKAL BIOGRAFIKOAREKIN

• “¡Agur, Otxoa feroz!” Bilboko Kale Nagusiko aretoan izango da ikusgai abuztuaren 20tik 27ra, eta José Antonio Nielfak berak zuzenean abestuko ditu bere abestietako asko.
• Unai Izquierdok idatzi eta Getari Etxegaraik zuzendutako lanak La Otxoaren eta bere bizitzaren parte izan diren pertsonaien larruazalean sartzen diren lau antzezle ditu.

La Otxoa, Bilboko pertsonaiarik maitatuenetako bat, 75 urterekin, BBK Salaren ekoizpen eszeniko berriaren, “¡Agur, Otxoa feroz!”, protagonista erabatekoa izango da. Antzezlan musikal hau gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Nora Sarasola Gizarte Ekintzako zuzendariak –BBKren mende dago Bilboko Kale Nagusiko aretoa– eta muntaia egin duen talde artistikoak. Ikuskizunak José Antonio Nielfaren (Bilbo, 1947) gorabeherak kontatzen ditu, San Frantzisko auzoan izan zuen haurtzaroa eta diktaduran eta trantsizioan LGTBIQ+ ikusgarritasunaren alde egindako borroka. La Otxoari eta bere ibilbidean lagun izan dituen gainerako pertsonaiei bizia lau antzezlek emango dieten arren, Nielfa bera ere agertuko da eszenan bere abestirik gogoangarrienetako asko zuzenean interpretatzeko, eta horiek tartekatuz joango dira ekintzak aurrera egin dezan eta bere ibilbideko une zehatzak irudikatzeko.

Unai Izquierdo dramaturgo, antzezle eta kazetaria, José Pérez Ocaña edo Miguel Hernándezen antzerki-lan biografikoak egin dituena, da ¡Agur, Otxoa feroz! ikuskizunaren gidoiaren arduraduna, La Otxoaren gaztaroan eta izarra izateko bidean ardaztuta. Hori idazteko, Izquierdok pertsonaiari buruz duen ezagutza handia izan du abiapuntu, “urteetan zehar egin dizkiodan elkarrizketa ugariei esker, baita beti miretsi eta bere ibilbide musikalari jarraitu izanari esker ere”. Ez da gai arantzatsurik baztertzen: kartzela, drogak, maitaleak… “Amildegiaren ertzean bizi zarenean dena arriskatzen duzu”, aitortu du Nielfak berak. “Hori guztia bizitzea egokitu zait eta kontatu beharra zegoen lan honetan”. Hori bai, nahiz eta bere bizi-ibilbidea oso hunkigarria izan, antzerki-muntaiak umorearen aldeko apustu garbia egiten du, La Otxoaren bereizgarria, beti izan baitu “alaitasuna bere bandera".

Getari Etxegarai “¡Agur, Otxoa feroz!” ikuskizunaren zuzendariak dualtasun horretan sakontzen du: “Obra honekin publikoak pertsonaiaren atzean dagoen gizakia ezagutu ahal izatea gura dugu, gauza garrantzitsuez berba egin nahi dugu, baita min ematen duten gauza batzuez ere, baina komediatik egingo dugu hori”. Horretan lagunduko dute La Otxoaren abestiek eurek ere, “per se umorezko osagai handia baitute”. “Todas al fútbol”, “Sola en la ikastola” eta “Sexual y autoritaria” abestiak, eta bere arrakasta handien eta oroituen sorta bat, zuzenean eta agian azkeneko aldiz José Antonio Nielfak berak interpretatuko ditu. “Ni orain primeran nago, bai fisikoki, bai mentalki, eta proiektu honek ilusioa eta berriro ekiteko gogoa itzuli dizkit, pandemiak kendu zizkidanak”, aitortu du. “Beraz, batek daki, toreatzaileek bezala egingo dut agian, agur esaten dute, baina azkenean itzuli egiten dira beti…”.

Etxegarai eta Izquierdo, gainera, beste bi antzezlek ─Gemma Martínez eta Arnatz Puertas─ osatzen duten taldeko kide dira. Leire Orbe da zuzendari laguntzailea eta Gorka Minguez produkzio-zuzendaria. “¡Agur, Otxoa feroz!” BBK Salaren laugarren ekoizpen propioa da, 2021ean, arte eszenikoak programatzeko apustuaz gain, aretoa sorkuntza-zentro independente bihurtzea erabaki baitzen. Eraikitako lehen muntaiak, 2021eko “Yerma” antzezlanak, María Goiricelayari Antzezlanaren Egokitzapen edo Bertsio Onenaren Max 2023 Saria eman zion. Ondoren, “Borderland” ganbera-opera etorri zen, duela 10 egun Madrilen (Fernán Gómez antzokian) lehen aldiz eman dena. Eta joan den urtarrilean, “Yarin” dantza-pieza eman zen, gaur egun biran dabilena, datorren abuztuan geldialdia egingo duelarik Amerikan. Aurrekoak bezala, “¡Agur, Otxoa feroz!” BBK Salaren helburuan sartzen da, “tokiko talentuaren, berdintasunaren eta kalitatearen alde” egiten duen ekoiztetxe gisa, arduradunen hitzetan. Horri gehitu behar zaizkio, kasu honetan, “dagoeneko gure Herriaren historia den figura baten aldarrikapena eta omenaldia: takoi eta ileordedun poeta da, xaflatxo distiratsu edo lentejueladun juglarea, beti askatasun menderaezina erakutsiz bidea ireki zuena”, laburbildu du Izquierdok.

Itzuli
Skip to content