FAMILIAN GOZATZEKO ZINEMA
BBK SALAK ZINEMARA FAMILIAN JOATEKO TRADIZIOA BERRESKURATU DU, IKUS-ENTZULE GUZTIENTZAT GOIZEZ ETA SARRERA LIBREAREKIN ESKAINIKO DEN FILM ZIKLO BERRIAREKIN
- "Haurtzaroan gure nagusiek lagunduta ikustera joaten ginen filmak", abenturazkoak, gantasiazkoak, komediak, animaziozkoak..., berriro ere pantaila handira ekartzeko sortu da FAMILAN GOZATZEKO ZINEMA
- Lehenengo edizio honetan lau film ikusi ahal izango dira, "oso eskuragarriak, baina kalitate egiaztatua dutenak". Helburua "behinola zinema-aretoetan sentitu genuena belaunaldi berriekin partekatzea".
BBK Salak zinemarekin hitzordu berria estreinatuko du datorren igandean, apirilak 14. ‘Familian gozatzeko zinema’ zikloa, izenak berak adierazten duen bezala, zinema-aretoetan “txikitan sentitu genituen emozioak belaunaldi berriekin partekatzeko” helburuarekin jaio da, Jorge Barrio programatutako tituluak aukeratzeaz arduratu den zinemagile eta zinema irakasleak azaldu duenez. “Zinema asko aldatu da gure nagusiak eta gu geu ere ume ginenetik; horregatik, orain atzera begiratu gura dugu pixka bat, eta ibilbide laburra egin zinema mota horren historian zehar”: abenturazko filmak, fantasiazkoak, komediak, animaziozkoak..., “oso eskuragarriak ikus-entzule guztientzat, baina, aldi berean, kalitate handikoak”; guztiak ere, denborarekin, imajinario kolektiboko klasiko bihurtu diren zintak.
‘Familian gozatzeko zinema’ zikloaren lehen edizio honek, igande honetan bertan Judy Garland protagonista duen Victor Flemingen 1939ko “El mago de Oz” filmaren bertsio mitikoarekin hasiko diren lau hitzordu izango ditu guztira. Ondoren, apirilaren 21ean, igandea, “Viaje al centro de la Tierra” (Henry Levin, 1959) proiektatuko da. Maiatzean bi titulu gehiago izango dira, biak 80ko hamarkada emankor eta gogoratukoak. Hilaren 5ean, asko gogoratzen den Richar Donnerrek zuzendu eta Spielbergek ekoiztu zuen eta belaunaldi osoa markatu zuen “Los Goonies” (1985) ikusiko da. ‘Familian gozatzeko zinema’ zikloa 2024 maiatzaren 26an amaituko da, Hayao Miyazaki maisu japoniarraren animazioaren lan gailenetako baten emanaldiarekin “Mi vecino Totoro” (1988). Proiekzio guztiak igandean eta eguerdiko 12:00etan izango dira (gaztelaniara bikoiztutako bertsioan), familia plan berria izan daitezen, helduentzako zein txikientzako ordutegi egokian. Gainera, sarrera doakoa izango da leku guztiak bete arte (430 eserleku), aldez aurretik gonbidapenik jaso behar barik.
Familia-zinemaren izenburu hautatuen bilduma honekin, BBK Salak “gaur egungo umeek ikusteko aukerarik izan ez duten eta, ziur aski, pantaila handian inoiz ikusi ezin izan dituzten filmez gozatu ahal izatea” du helburu. Jorge Barrioren berbetan, helburua zinemara familian joateko ohitura berreskuratzea da, adin guztietako ikus-entzuleei zuzendutako filmak ikustera “haurtzaroan gure nagusiek lagunduta ikustera joaten ginen horietakoak”. Film bakoitza testuinguruan jartzeko, emanaldi bakoitzaren aurretik sarrera didaktiko labur bat egingo du Barriok berak. Lehenengo edizio honen ondoren, ziklo berri hau Bilboko Kale Nagusiko erdiguneko agendan urteroko hitzordu finko bihurtzea da BBK Salaren apustua..