Gurutze Beitia

EKOIZPEN PROPIO BERRIA 2024KO ASTE NAGUSIRAKO

  • BBK Salak urtezahar berezi eta aurreratua ospatuko du aste nagusi honetan, "Urte berri OFF. ¡Feliz 2025!" ekoizpen propio berriarekin
  • Gurutze Beitia, Mitxel Santamarina, Iñaki Maruri y María Urcelay protagonista dituen antzezlanak adimen artifizial batek zuzendutako urte-amaierako gala xelebre baten grabaketa simulatuko du
  • Barietate-komedia original hau, ikus-entzuleek antzokiaren sarrera zeharkatu orduko hasiko dena -emankizuna ez baita agertokian bakarrik gertatuko-, abuztuaren 18tik 25era egonog da ikusgai Bilboko Kale Nagusiko gunean
  • Programatutako zortzi funtzioetarako sarrerak salgai daude jada

BBK Salak gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu du 2021ean arte eszenikoen erakusgune ez ezik produkzio-zentro independente ere izatea erabaki zuenetik eskainiko duen bosgarren produkzio propio hau. Aste Nagusirako berariaz prestatutako sorkuntza berri bat da oraingo hau, iaz José Antonio Nielfa mitikoa agurtzeko eskaini zuen ¡Agur, Otxoa feroz! emankizun arrakastatsua bezala, zeinak estreinatu baino egun batzuk lehenago jada agortuta baitzeuzkan programatutako 12 funtzioetarako sarrerak. Bilboko aurtengo Aste Nagusirako proposamenak Urte berri off. ¡Feliz 2025! du izenburu, hain zuzen ere urte-amaierako gala xelebre baten grabaketa simulatuko baitu antzezlanak. Gurutze Beitia eta Mitxel Santamarina dira gidoiaren egileak eta koprotagonistak, eta Iñaki Maruri eta Maria Urcelay izango dituzte ondoan antzezle. Maitane Zalduegi Viar koreografia- eta zuzendari-lanetan arituko da, eta Ugaitz Alegria zuzendaritzako laguntzailea izango da. “BBK Salak, proiektu propio berri honen bidez, euskal talentuaren aldeko apustua egin nahi du berriz ere”, nabarmendu du Koldo Bilbaok, BBKko Kulturako arduradunak, “aurreko lau produkzioetan egin genuen bezala”: Max sari bat irabazitako Yerma antzezlana (2021), Borderland opera (2022), Yarin dantza-pieza (2023) eta aipatutako ¡Agur, Otxoa feroz! lana.

Urte berri off. ¡Feliz 2025! abuztuaren 18tik 25era egongo da ikusgai BBK Salan, eta “barietate-komedia zoro” bat da, sortzaileen esanetan. “Lehenik eta behin, ikus-entzuleen aurreko telebista-saio baten grabaketari buruzko kontakizuna denez ikus-entzuleak partaide sentituko direlako une oro, ia pertsonaia bat gehiago izango baitira”, adierazi du Mitxel Santamarinak. Gainera, lau pertsonaia protagonistek, galaren aurkezleek, “joko handia emango dute, bakoitzak bere historia duelako atzean, eta, batez ere, bere miseriak: batzuk arrakasta-gose dira, eta besteak, berriz, garai batean izandako distira berreskuratzearen egarri. Eta ez dezagun ahaztu Urtezaharra Aste Nagusian ospatzearen anakronismo dibertigarria”, dio umoretsu. Gainera, fikzioa denbora errealean gertatuko denez, ikus-entzuleek antzokiaren atea zeharkatzearekin bat hasiko da showa, hura ez baita agertokian bakarrik jazoko. BBK Sala osoa telebista-plato handi bat izango da, “ekitaldi hauetan inoiz falta ez den Eguberrietako dekorazio frikiaren ukituarekin”, halletik hasi –photocalla egongo da bertan– eta besaulki-patioraino. “Horregatik, ikus-entzuleak kotilioi-jantzirik onenekin etortzea espero dugu, noski”, diote konpainiaren izenean.

Halako telebista-saioetan ohikoa izaten den bezala, denetarik izango da funtzioan: musika-emanaldiak –Alex Rementeriak konposatutako hainbat kantu abestuko dituzte muntaketan–, saio komikoak, parodiak, sustapenak… baita ezustekoak ere, hala nola izar gonbidatuen presentzia. Azken batean, ohiko antzezlan arrunt bat baino gehiago, “benetako esperientzia bat, festa paregabe bat, ahozabalik utziko duen ezohiko ikuskizun bat” izango dela aurreratu dute antolatzaileek. Baina Aste Nagusian “bestelako giro batean murgiltzeko eta dibertitzeko” asmoa izateaz gain, luzaro gure artean izango dugun teknologia batek –adimen artifizialak, alegia– ekar diezagukeen etorkizunari buruz pentsarazi nahi digu Urte berri off. ¡Feliz 2025! saioak. Planetako AArik handienak (NaIA Tech), eskura duen informazioan oinarrituta, “munduko hiriburua” Bilbo dela ondorioztatuko du; hori horrela, adimen artifizialak historian aurrenekoz idatzitako eta zuzendutako telebista-programa hartzeko hautatuko du hiria. Tresna horiek etorkizuna nola baldintzatuko duten eta noraino iristeko gauza izango diren ohiko kezka den honetan, Urte berri off. ¡Feliz 2025! emankizunak ziurgabetasun hori bera islatuko du. Hasiera batean dena ondo joango den arren, galdera bat nagusituko da showko giroan, eztabaida irekiz: fidagarria al da dena adimen artifizialaren eskuetan uztea?

Urte berri off. ¡Feliz 2025! emankizunerako sarrerak salgai daude jada, 20 €-ko azken prezioan, BBK Salaren txarteldegian nahiz webgunean. Guztira zortzi emanaldi programatu dira, egunean bat –guztiak 20:00etan–, abuztuaren 18tik 25era bitartean, igandetik igandera, Bilboko Aste Nagusi betean.

Itzuli
Skip to content