BBK SALAREN EKOIZPEN PROPIO BERRIA
Antzezlan honek gizarte "hautsi, krudel eta depresiboa" erradiografiatzen du, haurren osasun mentalaren egungo problematikatik abiatuta.
- "Non dira haurrak?"/"¿Dónde están los niños?" irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz, Bilboko Kale Nagusiko antzokiko espazio osoarekin (normalean besaulki-patioan egoten dena barne)
- Tartean Teatroa konpainia ospetsuarekin batera ekoiztua eta Jokin Oregik idatzi eta zuzendua, obra gertaera latz batekin hasten da (8 urteko neskato baten suizidio saiakera), eta hortik abiatuta helduen munduaren erretratu korala egiten da
Oraingoan, Tartean Teatroa euskal konpainia ezagunarekin batera ekoitzitako lana irailaren 28an eta 29an estreinatuko da euskaraz, eta urriaren 4an, 5ean eta 6an gaztelaniaz. Dagoeneko BBK Salan seigarren ekoizpen propioa da, 3 urtetan "sorkuntza-gune izatearen aldeko apustua eginez, eta ez soilik erakusketa-gune", nabarmendu du Gorka Martínez BBKren Zuzendari Nagusiak. Beste behin ere, "lurraldearekin dugun konpromisoari eutsi nahi izan diogu, tokiko artisten talentua izanik". Sortzaile horiek, "BBKren laguntzari esker", mahai gainean jarriko dituzte "egungo arazo sakonak". Izan ere, BBK Salan, artearen eta, oro har, kulturaren eta, bereziki, arte eszenikoen botere eraldatzailean sendo sinesten dugu ".
Jokin Oregik idatzi eta zuzendua, "Non dira haurrak?"/"¿Dónde están los niños?" gertaera tragiko eta gogor-gogor batetik abiatzen da (Maddi 8 urteko neskatoaren suizidio saiakera) helduen munduaren erretratu korala egiteko. Izan ere, antzezlaneko haurrak ez dira eszenan agertzen, nahiz eta bertan dauden pertsonaiek (denak helduak) interpelatu egiten dituzten. Haurtzaroaren ez agertze horrekin kontrajarrita, "gizarte apurtu, krudel, antsietate eta depresibo bat deskribatzen dugu, ezinbestean belaunaldi berriengan eragina duena", aurreratu du Oregik. Iraia Eliasek eta Sandra Ferrusek (euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan txandaka, hurrenez hurren), Getari Etxegaraik, Javier Barandiaranek, Iñigo Aranburuk, Ruth Guimerak eta Irene Zarrabeitiak osatzen dute "Non dira haurrak?/¿Dónde están los niños?", Maddi txikiaren inguruko amari, aitari, psikologoari eta gainerako helduei bizia emanez.
"Non dira haurrak?"/"¿Dónde están los niños?" antzezpen horietarako, BBK Salak konfigurazio berezi bat aurkeztuko du, edukiera funtzio bakoitzeko 110 pertsonara mugatuko duena. Normalean besaulki-patioak hartzen duen eremua (eserlekuak kenduta) izango da ekintzarako espazio nagusia, eta zati batean eszenatokian bertan ere garatuko da. Gainera, Bilboko Koral Elkarteko haur abesbatzak lagunduko dio taldeari, eta "bere ahotsekin babestuko du kontakizunaren gainetik doan baina eszenan ikusten ez dugun haurren presentzia". Horrela, Adrián García de los Ojosen jatorrizko musika, Miren Agur Meabe idazle eta poetak propio sortutako letrekin, zuzenean entzungo da eta "oilo larrua jarriko duen luxu ikaragarria" izango da, Oregik agintzen duenez.
Marie de Jongh bere konpainiaren ekoizpen familiarren bidez beti haurrekin konprometitutako sortzailea, oraingo honetan Oregik ikusle helduari zuzendu nahi izan dio. Europako antzerkian gaur egun dagoen joera bati helduz egin du: narraturgia. "Pertsonaiei hitz egiten uztea da kontua, beren diskurtsoaren eta zuzenean kontatzen digutenaren bidez bakarrik biluzten uztea, besteekin ekintzak eta elkarrizketak eginez egin beharrean", laburbiltzen du, nolabait, ipuin-kontalariaren irudi klasikoa berreskuratzen duen korronte batean. Horrela, publikoa "ezinbestean pertsonaietan islatuta ikusiko da eta kontzientzia hartuko du.