PUNTO ZEROREN BIGARREN EDIZIOAK BBK SALA FINKATU DU OSTEGUN ARRATSALDEETARAKO BILBOKO MUSIKA-GUNE GISA, ETA 360ºko KONTZERTU-FORMATU BERRITZAILEA EZARRI DU
Pop berritzaileenari lekua egiten dion Bilboko aretoaren zikloa 2023an itzuliko da, zazpi talde ekarriko dituzten lau hitzordurekin, Zahararen _juno proiektu paraleloa kartel-buru gisa
Sortzen ari den eszenaren aldeko apustua nabarmena da, bertan arituko diren musikarietako seik oraindik hogeitaka urte dituzte-eta. Gainera, tokiko talentuari emandako babesa lau euskal talderen presentziak erakusten du.
Iaz lehenengo edizioa egin ostean, 2023an Punto Zero zikloa BBK Salara itzuliko da berriro. Kale Nagusiko lokala ostegun arratsaldeetarako (20:00etan) musika-gunea izango da berriz ere Bilbon, programatutako lau hitzorduei esker: guztira, pop berriaren eszenako zazpi taldek joko dute. BBK Salaren asmoa, bere arduradunen hitzetan, “musika-proposamen berritzaile eta oparoei lekua ematea da”, izan ere, oraindik sortzen ari direnez, zuzeneko musikaren zirkuitura sartzeko zailtasun handiagoak izan ditzakete. Gainera, aretoaren apustua da “bereziki gazteak diren artistei lekua egitea” (aurtengo karteleko taldeetako sei kidek oraindik hogeitaka urte baino ez dituzte), baita “sortzen ari den tokiko talentuari laguntza sendoa ematea ere” (programatutako zazpi izenetatik lau euskaldunak dira).
Zerrendaren buruan Zahara eta Martí Perarnau IV bikoteak osatutako _juno dugu. Bilbon izango dira _BCN747 bigarren diskoa aurkezten. Paisaiaz eta esperimentazioz betetako musika elektronikoko ikuskizuna. Jieneko abeslariak bere alderdirik arriskutsuena erakusten du eta horrela kimika artistikoan sakontzen du Perarnau IV musikari eta ekoizlearekin. Agertokian aurrez aurre, sintetizadore, erritmo-kaxa, loopers, Marti eta Zahara inguruan dituztela, distopia bisual eta soniko honetan murgilduko dira. Ikuskizuna antzoki eta auditorioetan egingo den bira berezi gisa planteatzen da, eta zikloaren itxiera perfektua izango da ekainaren 1ean, osteguna.
Baina horren aurretik, Punto Zero 2023 martxoaren 16an hasiko da Trashi Murtziako bedroom pop-eko laukote gaztearen zuzenekoarekin; dagoeneko “Z Belaunaldiaren ahotsa” izendatu duten taldea da. 23 urte inguru dituztelarik, etiketa horretan beren burua ezagutzen dutela diote Sergio Nicolasek (ahotsa eta gitarra), Luz Abrilek (gitarra), Luis Morerak (baxua) eta María Lázarok (bateria) , zeren eta euren gai intimistek “gure adineko jendearen sentimenduak adierazten dituzte eta negarrez dantzatzeko dira”. Sei urtez musika eta single biral ugari egiten aritu ostean, aurten esperotako debut diskoa kaleratuko dute. Hasierako lehen egun horretako kartelean Suave kolektiboa ere izango da, ‘Villasoundbilbao 2021’ musika-talentu berriak bilatzen dituen Bilboko Udalaren lehiaketaren irabazleak. Jon Rodrigo Arranz hogeitaka urteko bilbotarra buru duela, ekoizpen, estilismo, ikusizko efektu eta abarretan hamar bat gaztek ere laguntzen diotelarik, Suavek elektronika ausart informala egiten du, popetik abiatuta esparru esperimentaletan sartuz joan dena.
Martxoaren 30a aukeratu dute formatuz berritzailea den emanaldi bat estreinatzeko. BBK Salak pentsatu du, publiko eta artistek musika zuzenean, modu guztiz berrian, bizitzeko aukera izan dezaten: aurrez aurre, alegia. 360º izenez bataiatua, eszenatokia alde batera utzi eta bandetara jaitsiko da taldea platea garbiaren erdira eta besaulkiak kenduta. Horrela, ikusleek erabat inguratuko dituzte musikariak lau alboetatik. 360º formatuko lehen hitzordu honetarako, Punto
Zerok Benizze gasteiztarra eta Divorce from New York donostiarra programatu ditu. Lehenengoak, Beñat Goitia musikari eta bertsolariaren ezizena, “euskaldun jatorri”ko elektronika, trap eta dance-aren nahasketa aurkeztuko du, “euskal kultura eta tradizioa errebindikatuz etorkizunerantz proiektatzeko”. Izan ere, 2022ko bere estreinako album homonimoan, Garik eta Ruper Ordorikak parte hartu zuten, besteak beste. Bigarren proiektuan Kino Internacional-ek (Álvaro Granda) jazz klasikoko biniloak sampleatzen ditu, Erresuma Batuan dagoeneko ateak ireki dizkion jazz dantzagarri bat egiteko (bere bigarren diskoa, “Sausalito”, Londresko High Praise zigiluak argitaratu zuen iaz).
360º formatua maiatzaren 4an errepikatuko da Punto Zeron, Vicente Navarro aktore eta musikari madrildarrak eta Elena Setien donostiarrak egingo duten zuzeneko bikoitzarekin. Antzerki-agertokietan ondua (batez ere Yllana konpainian), Navarrok lau urte daramatza bere musika-ibilbidean buru-belarri, tradizioa eta abangoardia uztartzen baititu, espainiar folklorea musika urbanoaren eta elektronikoaren bidez berrasmatzen baitu. Bestalde, multiinstrumentista, konpositore eta abeslari gipuzkoarrak, berezko estiloarekin “abestutako istorioen kontalaria” da, estilo horretan biolin klasikoan eta kantagintza modernoan izan duen goi-mailako prestakuntza bikoitzak eragin duelarik. Kanpoan musika-ibilbide luzea egin ostean, Setien duela hamarkada bat itzuli zen Euskadira, musika berria sortu eta bere izenarekin sinatzeko. Itzulera hartan Rafa Berrio oroituak babestu zuen eta, harrezkero, lau album egin ditu, halako arrakastaz ezen azken biak Thrill Jockey Records diskoetxe estatubatuarrak argitaratu baititu.
Punto Zero 2023ko hitzordu guztiak (martxoaren 16an eta 30ean, maiatzaren 4an eta ekainaren 1ean) ostegunetan eta 20:00etan izango dira. Guztiak, _juno izan ezik (ekainaren 1a), besaulkirik gabe izango dira, eta publikoa zutik eta barra-zerbitzuan egongo da. Lau hitzorduetarako sarrerak gaurtik (otsailak 13 astelehena) aurrera salgai daude Kutxabank sarean, 12 €-ko azken prezioan aldez aurreko salmentan (15 € txarteldegian); _juno izan ezik, 18 €-ko prezioa baitu (22 € leihatilan). Martxoaren 30eko eta maiatzaren 4ko kontzertuak 360º-ko formatu berezian izango dira, agertokirik gabe, publikoak musikariak inguratuko dituelarik platean.