Liam Young-en fikzio futurista Bilbora iritxiko da BBKren eta Telefónica Fundazioaren eskutik
- ‘Liam Young. Construir mundos’ erakusketa BBK Salan ikusi ahal izango da abenduaren 18tik urtarrilaren 28ra.
- Arkitekto espekulatibo eta zinemagile australiarrak teknologiak pertsonen bizitzan duen eragina aztertzen du, baita hirien eraldaketan eta birdefinizioan duen eragina ere.
- Erakusketak artistaren lanik nabarmenenak biltzen ditu bost bideo-instalazio handitan, fikzio zirraragarriak, oraingo mehatxuak agerian uzten dituztenak eta alternatibak bilatzeko inspirazio-iturri direnak.
Liam Youngen irudizko munduen ikuspegi liluragarria Bilbon izango da Liam Young. Construir mundos (Munduak eraikitzea) erakusketaren bitartez, BBK Salan abenduaren 18tik aurrera. Teknologiak pertsonen bizitzan duen eragina aztertzen du erakusketak, baita hirien metamorfosian eta birkonfigurazioan duen eragina ere.
Zinemagile eta arkitekto espekulatibo australiar honen lanak kontakizun futuristak aurkezten ditu, murgilduta gauden iraultza teknologikoaren inguruan eztabaida eragiteko asmoz sortuak, hain zuzen ere. Haren lanak bere arriskuak nahiz aukera izugarriak ikusarazten ditu, eta inguratzen gaituen errealitateaz jabetu beharra dagoela gogorarazten digu.
Klima-aldaketa, planetaren urbanizazio geldiezina eta mundu super konektatu eta automatizatu baten erronkak dira artistak erakusketa honetan jorratuko dituen gaietako batzuk, 2024ko urtarrilaren 28ra arte iraungo duelarik.
Liam Youngen filmak ikerketa zorrotz baten emaitza dira, eta horietan bat egiten dute etorkizunen diseinuak eta azterketak ikus-entzunezko kontakizun ahaltsuen sorkuntzarekin. Laser eskaner, drone autonomo eta beste teknika digital batzuk erabilita filmatutako istorioak dira, iruedien indarragatik ikuslea harrapatzen dutenak, eta aditu, zientzialari eta teknologo opetsuekin duen lankidetza eskutik abiatzen direnak. BAFTA sarietarako izendatua, bere filmak New Yorkeko Metropolitan eta Londreseko Royal Academy museoetan erakutsi dira, besteak beste.
Liam Young. Construir mundos (Munduak eraikitzea) erakusketak artistaren lanik nabarmenenak biltzen ditu, bost bideo-instalazio handitan. Fikzio horiek, besteak beste, teknologiak gure bizitzan eragiten dituen aparteko aldaketez hitz egiten digute.
Drone autonomoen bidez erabat grabatutako lehen film laburra da In The Robot Skies, eta etorkizun hurbileko hiri bat zirriborratzen du, non droneek zaintza hertsiko agente gisa diharduten. Ibilgailu autonomoetan erabiltzen den laser-eskanerren teknologiarekin erabat grabatuta, Where The City Can't See-k teknologia bidez zaindutako hiria eta zaintza horri ihes egiteko gizakien bideak erakusten ditu. The Great Endeavor-ek klima-aldaketa lehengoratzeko “gizateriaren eraikuntza-proiekturik handiena” izan daitekeena dokumentatzen du: CO2 gas likidotu bihurtzeko eta itsaspean lurperatzeko nazioarteko uretan eraikitako irudizko azpiegitura. Planet City-rekin mundu mailako ordena berri bat aurkezten du Youngek, non herrialdeak atzera egin eta metropoli hipertrinko bakar batean batu diren gainerako lurrazala libre utzi eta Lurra “birnaturalizatzeko”. Erakusketako azken piezan, The Emissary, etorkizun zalantzagarri baten aurrean eta mundu bizigarri berriak bilatzeko aukeraren aurrean dagoen gizateriaz hausnartzen du sortzaileak. Fikziozko espazio-ontzi baten bidaiaren bidez, galdetzen da zer mezu bidaliko lukeen desagertzeko zorian dagoen gizarte batek, bere lorpenak eta anbizioak transmititzeko eta jasota uzteko.