Flamenco BBK,atzoko eta gaurko kantu, gitarra eta dantzaren eszenan murgiltzeko proposamen-arragoa

  • Martxotik ekainera BBK Salan izango diren lau ikuskizunek osatzen dute zikloa.
  • Maiatzaren 19an, Flamenco BBKren bigarren ekoizpen propioa taularatuko da, eta “Savia nueva” izenburupean dantzaldiko hiru talentu gazte ezagutaraziko ditu.

BBK Salak flamenko-proposamen anitzenak bilduko ditu aurten ere, martxotik ekainera bitartean egindo den zikloari esker. Flamenco BBKren 17. edizioan, interpreteen kalitatearen eta aniztasunaren alde egiten duen apustuari leial, lau ikuskizun izango dira, finkaturiko figurak, sortzen ari diren artistak eta oraindik ezagutzeke dauden gazteak protagonista direla. Ikuskizun horiek dantzaren, kantuaren eta gitarraren alderdi eta forma adierazkorrak erakutsiko dituzte Bilbon.

Zikloa martxoaren 31n, ostiralean, hasiko da “The game”rekin. Proiektu horretan Jesús Carmona, 2021eko Benois de la Dance Saria eta 2022ko Dantza Sari Nazionala, José Valencia flamenko-kantaria eta Juan Requena gitarra-jotzailea daude, eta tradizioaren errespetutik, obra apurtzaile bat aurkeztuko dute flamenko-ikuskizunaren egitura klasikoarekin.

Kantu flamenkoa (cante) izango da protagonista hurrengo hitzorduan, ostiral edo barikuan, apirilak 28, “Cantaoras” lanarekin; belaunaldi ezberdinetako bi emakume-ahotsen arteko topaketa da, baina jarrera komun batekin: transmititzea. Montse Cortések eta Lela Sotok Joni Jimenezen gitarra, El Orucoren dantza eta Bandoleroren perkusioa izango dituzte lagun.

Maiatzaren 19an, ostirala, Flamenco BBKren bigarren ekoizpen propioa, “Savia nueva” izenburua duena, taularatuko da, eta dantzaren talentu berriak eman gura ditu ezagutzera. Oraingoan, 20 urtetik beherako hiru gazte ─Claudia La Debla, Yoel Vargas eta Paula Carmona─ Tablao formatutik abiatuko dira indar, aldakortasun eta flamenkoarekiko grinaz beteriko proposamen berritu bat egiteko.

Zikloa ekainaren 9an, ostirala, amaituko da, Florencia O´Ryan flamenko-dantzari txiletarraren “Festejos” muntaiaren emanaldiarekin. Rafael Ramirezek eta Marta Galvezek lagunduta, aniztasun sortzaileari buruzko hausnarketa koreografikoa egingo du, bolero-eskolatik garaikidera artean dabiltzan kontzeptuekin.

Ziklo honen antolaketa kultura bultzatzeko BBKren apustuan sartzen da, eta kasu honetan arte eszenikoak eta musika bultzatzeko apustuan, horren adibide bat delarik Flamenko-ziklo tradizional hau, bere programarik sendo eta arrakastatsuenetako bat.

Ikuskizun guztiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak leihatilan, Kutxabank kutxazainetan edo www.salabbk.bbk.eus webgunetik eros daitezke, %15eko deskontuarekin Kutxabank txartelak erabilita.

Itzuli
Skip to content