Verde Prato
Osteguna
29
Urr
2020
BIME CITY Festibala.
Diziplina askotariko artista, konpositore trebe zein intuitiboa eta erreferentziazko soinuen arakatzailea da Ana Arsuaga, behin eta berriz senera itzultzeko etengabeko bidaian ibiltzen den era askotako sortzaile horietakoa. Bere musika, aske eta esperimentala da, gertukoa izan arren, eta ibilbide goiztiarra izan zuen Serpiente post-punk doinuak egiten zituen hirukotearen edo Mazmorra izeneko witch house kostunbristako proiektu ilunaren kide bezala.
Edonola ere, Verde Prato bere proposamenik pertsonalena izan daiteke, batez ere Arsuaga bere sustraietara modu naturalean hurbiltzea eragin duelako. Bakarka, teklatu hutsarekin eta ahotsa makulu, Verde Pratorekin gipuzkoar musikaria bertoko folkaren abangoardian (edo agian atzealdean) kokatu da, euskal musika tradizionalaren kodeak ustekabeko sormen askearekin erabilita, azkenean bere folklorearen egunerokotasuna ilunabarreko sentsibilitate engainagarri eta berezi batekin galbideratu arte.
Identitate kolektibo oso baten eraisketa da Verde Prato eta, iraganaren berrinterpretazio harrigarriaren barruan, etorkizun handiko proiekzio lirikoa osatzen du, Connan Mockasin edo Cate Le Bon artisten modu garaikideen ildotik, baina gure betiko Mikel Laboa abeslariak ahozapietan zirriborratutako bertso haien arrastoa ahaztu gabe.
Sarrerak:
Dohainik